Skip to main content

Diputatuaren agurra

Bizkaian indarrez sinesten dugu komunitatearen indarrean eta batzen gaituzten kidetasunen garrantzian. BizkaiSare egungo erronkei erantzuteko sortu da, lankidetzaren alde, kohesio handiagoko gizarte erresilienteago bat eraikitzeko konpromiso partekatuaren alde.

Gero eta segurtasun txikiagoa eskaintzen digun mundu honetan, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-krisialdiek markatutako mundu honetan, jakin badakigu irtenbidea ezin dela banakakoa izan, sareko lanaren bitartekoa baizik. Izan ere, BizkaiSare gunean, udalerriek, entitateek eta herritarrek beraiek laguntza, metodologia eta baliabideak topa ditzakete, eta bizikidetza eta gizarte-inklusioa sendotzen dituzten ekimenak bultzatu.

Gizarte-kohesioa ez da helburu hutsa, elkarrekin egin behar dugun bidea baizik. Bizkaiko Foru Aldundian uste sendoa dugu: gure gizartearen ongizatea gure gaitasunen mendekoa da, hau da, zer-nolako gaitasuna daukagun elkarri laguntzeko sareak ehuntzeko, gure komunitateak sendotzeko, eta pertsona bakoitzari bere inguruan aktiboki parte hartzeko aukera bermatzeko. Inork ez luke sentitu beharko ez bakarrik, ez isolatuta, ez bizitza-kalitatea hobetzeko baliabide barik.

BizkaiSare proiektu bat izatetik harago doa. Bizkaiko orainarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa da. Nahi dugu gune hau topagunea izan dadin talde-lanaren indarrean, elkartasunean eta komunitatearen botere aldatzailean sinesten dutenentzat. Hori dela eta, gonbidatuta zaude ekimen honen parte izatera, BizkaiSare sarearekin bat egitera, eta aktiboki laguntzera Bizkai batuago, inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzen.

Izan ere, konponbidea komunitatean dago, eta BizkaiSare da hori lortzeko bidea.

Teresa Laespada

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua

Zer da BizkaiSare?

BizkaiSare Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da, eta diseinatuta dago komunitate-sarea indartzeko eta lurraldeko gizarte-kohesioa sustatzeko. Desberdintasun eta arrakala sozialei erantzuteko sortu da, gero eta handiagoak baitira ziurgabetasun ekonomikoak, osasun-krisien inpaktuak, ingurumen-erronkek eta aldaketa geopolitikoek markatutako testuinguru global honetan.

BizkaiSarek, udal-erakunde eta gizarte-entitateekiko lankidetzaren bidez, metodologia, finantzaketa eta eragileen sarea eskaintzen ditu, komunitatea indartuko duten ekimenak bultzatu eta lotura sendoagoak eta erresilienteagoak sortzearren.

Bizkaiko gizarte elkartu baterako estrategia komunitarioa (irakurketa erreza)

Bizkaiko gizarte elkartu baterako estrategia komunitarioa (irakurketa erreza)

Bizkaiko gizartea aldatzen ari da, gainerako gizarteak bezala. Aldaketa hauek batzuetan positiboak eta beste batzuetan negatiboak dira. Baina beti eragiten diete pertsonei eta komunitateari.

Bizkaiko gizarte kohesionatua eratzeko abian ipini duen estrategia komunitarioa

Bizkaiko gizarte kohesionatua eratzeko abian ipini duen estrategia komunitarioa

Esku artean duzuen dokumentu hau BizkaiSareren aurkezpena da, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia kohesionatuagoa lortzeko helburuarekin komunitate-ingurunea saretzeko eta indartzeko ekimena.

Intersekzionalitatearen praktikarantz hausnarketarako eta ekintzarako gida

Intersekzionalitatearen praktikarantz hausnarketarako eta ekintzarako gida

Gida hau erreminta-kutxa gisa planteatzen dugu, erakunde bakoitzak bere testuingurura eta beharretara egokitu dezan. Intersekzionalitateak izua sortu dezake izan daiteke orain arte egindako guztiaren osoko zuzenketa gisa hartuta hurbiltzen bagara horretara, edo desoreken behin betiko irtenbide gisa hartzen badugu. Horregatik, gida honetan erabaki dugu intersekzionalitatea malgutasunez eta erakunde bakoitzaren testuinguruak, denborak eta prozesuak errespetatuz praktikan jartzea bideratu dezaketen hainbat jarraibide planteatzea.

NAHI GABEKO BAKARDADEAREN INGURUKU POLITIKA PUBLIKOEN EZAUGARRIEN DEKALOGOA

NAHI GABEKO BAKARDADEAREN INGURUKU POLITIKA PUBLIKOEN EZAUGARRIEN DEKALOGOA

Dekalogo honen helburua da administrazio publikoak gidatzea nahi ez den bakardadeari aurre egiteko politika eraginkor, berritzaile eta kolaboratiboak gara ditzaten. Horretarako, nahi ez den bakardadeari ikuspegi integral eta multidimentsional batetik heltzeko funtsezko tresna aurkezten du.

BizkaiSareren helburuak

Lau ardatz planteatu ditugu gero eta gehiago jakiteko bakardadeari eta lotura ezari buruz, eta prebentziozko ekintza komunitarioak sustatzeko.

Ezagutu eta aintzatetsi

  • Beharrezkoa da lurraldea hobeto ezagutzea, eta jakitea zer kolektibok pairatzen duten eta zer faktorek eragiten duten bakardadea.
  • Abiapuntuan, lehendik dauden ekimenak eta behatokiak daude, eta nahi dugu aritu unibertsitate eta entitate akademikoekiko lankidetzan.
  • Helburua da esperientzia arrakastatsuetatik ikastea, bakardadearen prebentzioan lan egiten duten pertsonak eta komunitateak ezagutzea eta gizartean aintzatestea.
  • Profesionalei eta komunitateei eman nahi dizkiegu esku hartzeko eta inpaktua neurtzeko tresnak.

Berba egin

  • Ezagutu eta jakin ondoren, garrantzitsua da pertsonen, kolektiboen eta erakundeen arteko berbaldiak sortzea.
  • Helburua da sentsibilizatzea, erantzukizunak identifikatzea eta sektoreen eginkizuna ikusaraztea (osasuna, hezkuntza, mugikortasuna...).
  • Bakardadeaz berba egitea normalizatu nahi dugu, estigmatizatu barik, eta argi utzi bizitzako edozein unetan edonori eragin diezaiokeen egoera dela.
  • Berbaldi horiek lagunduko dute bakardadearen prebentzioa agenda publikoetan eta pribatuetan sartzen.

Saretu

  • Pertsonen, entitateen eta komunitateen arteko sareak eta aliantzak sortu behar dira berba eginez.
  • Loturak suspertu eta guneak sortu nahi ditugu, sektore desberdinen arteko konexio «gertagaitzetarako».
  • BizkaiSare 2030 sortzea da asmoa, hau da, saregileen sare bat (konektore komunitarioak), non inplikazio-mailak orotarikoak izango baitira: bizilagunak, saltokiak, gizarte-entitateak, udalerriak, etab.

Egin

  • Aurreko guztia gauzatzeko, praktikak, inguruneak eta pertsonak aldaraziko dituzten ekintza zehatzak behar dira.
  • Azken helburua berritzea da, eta komunitatean benetako aldaketak sortzea bakardadea prebenitzeko.

Lagundu eta babestu

BizkaiSareren zutabeetako bat udalerri, eskualde eta gizarte-entitateentzako laguntza-zerbitzua da. Zerbitzu horrek gizarte-kohesiorako planak eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko estrategiak garatzeko aukera emango die, metodologia espezializatuen eta foru-finantzaketako lerroen babesarekin.

Gainera, BizkaiSarek konexio komunitariorako eragileen sare baten sorrera sustatuko du, eta hor sartuko dira Bizkaian bizikidetza eta inklusioa indartzeko xedez gizarte-loturak sortzeko konpromisoa duten pertsona, entitate eta erakunde publikoak.

BizkaiSarerekin, Bizkaiko Foru Aldundiak apustua egin du gizarte indartsuago, konektatuago eta solidarioago baten alde. Horretarako, datozen urteetan egingo diren jarduera hauek antolatu ditu: