Alejandro G. Iñarrituren "Carne y Arena" errealitate birtualeko instalazioak Oscar sari berezia irabazi zuen 2017an Hollywoodeko Akademian, "aparteko esperientzia narratiboagatik", eta Bilbora iritsi da Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren eskutik.
Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako pertsonen benetako testigantzetan oinarritutako errealitate birtualeko esperientzia baten bidez, Mexiko eta AEBen arteko muga zeharkatzen dutenek bizi dituzten egoera desberdinetara hurbiltzen gaitu erakusketa honetara egindako bisitak.
Erakusketa hau Bilbon egongo da 2026ko martxoaren 11tik ekainaren 20ra EITBren egoitzako Plato 5ean (Basurtuko Kaputxinoak 2). Errealitate birtualeko esperientzia bat da, bisitaria Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako migratzaile eta errefuxiatuen bidaiaren erdigunean kokatzen duena, giza eskubideei, kulturen arteko bizikidetzari eta gizarte-kohesioari buruzko hausnarketara gonbidatzen duen zentzumen-esperientzia paregabea eskainiz.
Instalazioak teknologia berria du, Industrial Light & Magic-ekin batera garatua, bere zentzumen-potentzia handitzen duena eta bizipen are murgiltzaileagoa ahalbidetzen duena. Gainera, erakustaldiko hilabeteetan hitzaldiak, herritarren topaketak eta jarduera paraleloak egingo dira, Arraza Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunarekin edo Kultura Aniztasunaren Munduko Egunarekin batera.
SARRERA ESKURAGARRI: www.eitb.eus/carneyarena