Nerabeen Ongizate Mentalaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Durangok "Peleles" antzezlanarekin
"Peleles" antzezlanak nerabeen esperientziaren parte diren presio sozialei, itxaropenei eta zailtasun emozionalei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu. Obrak, esperientzia kultural bat ez ezik, aukera bat ere proposatzen du gazteen osasun mentalari eta ongizateari buruzko elkarrizketa irekitzeko.
Horregatik, antzezpenaren ondoren, solasaldi txiki bat egingo da, ikasleek konpainiako aktoreekin hitz egin ahal izateko. Topagune horrek entzute aktiboa eta ideien trukea bultzatuko ditu, eta osasun mentala txikitatik zaintzearen garrantziaren inguruko kontzientzia kolektiboa indartzen lagunduko du.
Durangoko Udaleko Gazteria arloaren ekimena da, San Agustin Kultur Gunearekin eta La Berrea Teatro konpainiarekin elkarlanean. La Berrea Teatro sortzen ari den konpainia bat da, Madrilen sortua. Gazte-talde batek sortu zuen, eta talde-lanaren garrantzian, gizarte-gaiei heltzeko premian eta antzerkian sinesten du, aldaketarako eragile gisa. Kasu honetan, Paula Sala Unamunzaga aktore durangarrak parte hartzen du ikuskizun honetan.
We use cookies and similar technologies to improve your experience on our website.